GUREAN GAUR

Sindikatuek Osakidetzako hautaketa prozesuak salatu dituzte

Sindikatuek Osakidetzako lantoki guztietan elkarretaratzeak egin dituzte plantillak jasaten dituen hautaketa eta hornidura prozesu guztietako kaosa salatzeko. Azaldu dutenez, hautaketa prozesuak geldituta eta akatsez beterik daude, eta horrek kalte larria eragiten die zerrenda horietan dauden pertsonei.

Gaineratu dute, lekualdatze eta mugikortasun prozesuek urteetako atzerapenak dituztela eta egoera ez dela berria. Sindikatuek jakinarazi dute Osakidetzako giza baliabideen kudeaketak aspalditik dituela zailtasunak, eta kudeaketa hori enpresa pribatu batek egiteak egoera are gehiago larritu baino ez duela egin.

Osasun publikoa indartu behar dela argi utzi dute egin dituzten elkarretaratzeetan, eta Osakidetzak euren haserre eta frustrazioa kontuan har ditzan eskatu dute.