GUREAN GAUR

Araba Euskaraz ekitaldiak kokagunea aldatu du Gasteizko lorezainen greba mugagabea dela eta

Araba Euskaraz ekitaldiak kokagunea aldatu du, Armentia ikastolan, Mendizorrotzan eta Prado parkean izango dela iragarri dute. Kokagune aldaketa Gasteizko lorezainek egiten ari diren greba mugagabearen harira egin dute. Hasiera batean Olarizuko zelaietan ospatzea zegoen aurreikusita baina bertako berdeguneak kontrolik gabe hazita daude eta horrenbestez, antolatzailek adierazi dute, ez dela jaia aurrera eramateko leku aproposa.

Aurreko urteetan bezala, Arabako 8 ikastolen artean antolatu dute jaialdia. Aurten lortzen duten dirua Bastida ikastola laguntzeko erabiliko da. Era berean, jaialdia Bastida ikastolaren hezkuntza proiektua ezagutarazteko, Arabako Errioxan euskararen erabilera aldarrikatzeko eta erabilera-eremuak zabaltzeko baliatuko dute.

Beraz, igande honetan, ekainaren 15ean, goizeko bederatzietan emango diote hasiera festari. Antolatzaileek zenbait aholku helarazi nahi izan dizkiete bertaratuko direnei, hiriburura joateko garraio publikoa erabiltzea, autoz joateko asmoa dutenei prestatutako aparkalekuetara zuzunean jotzeko, eta edalontziak etxetik eramateko.

Hiru eszenatoki izango ditu jaialdiak. Bata, haurrei zuzenduta egongo da, bertan izango dira esaterako Goazen eta Asier Kidam magoa. Bigarren agertokian Akerbeltz eta Izaki Gardenak taldeek joko dute, beste batzuen artean. Herri Kirolak eta tailerrak egiteko txokoak ere han egongo dira. Azkenik, hirugarren eszenatokian Trikoma eta hainbat dj egongo dira, eta hemen ere, txosnagunea egongo da.