BSH enpresak jakinarazi du Ezkirozko lantegia ekainaren 17an itxiko duela behin betiko, ekoizpen arrazoiengatik eta. Erabakiaren aurrean, 200 langile inguruk protestan jardun dute astearte honetan goizetik, lantegiaren ataria blokeatuz eta enpresako zuzendariari sarrera galaraziz.Langileak lurrean eseri dira eta foruzainek horiek arrakasta altxatzen ahalegindu dira. Azkenean, zuzendaria ez da lantegira sartu.
Langileen grebak ekainaren 20ra arte jarraituko du. Beharginen asmoa, batetik, enpresa ez ixtea da eta, bestetik, euren kaleratzeak elkarrekin negoziatzea.
BSHko zuzendaritzak astelehenean jakinarazi die langileei ez duela kaleratze kolektiborako epea luzatuko, langileen eta Nafarroako Gobernuaren eskaerari entzungor eginez. Lantegia ixteak 665 langileri eragingo die. BSHk Ezkirotzen duen lantegiko beharginek bi urte baino gehiago zeramatzaten aldi baterako enplegu-erregulazioan. Aurretik, Alemaniako enpresak Etxarri Aranatzen eta Lizarran zituen lantegiak itxi zituen.
Langileen ordezkaritza bat Bruselan dago aste honetan, Industria eta Enplegu komisarioekin biltzeko, eta enpresaren etorkizunaz hitz egiteko. Langile-batzordeak adierazi du “alternatiba bideragarrien” alde lanean jarraituko duela.
Nafarroako Gobernua ere erabakiaren aurka agertu da. Nafarroako Gobernuko presidente Maria Chivitek “erabateko akats” gisa definitu du itxiera, eta Mikel Irujo Industriako sailburuak enpresaren “gizatasun falta” salatu du. Gobernuak interesaturiko inbertitzaileekin kontaktuan jarraituko duela adierazi du, jarduerari eusteko alternatiba bat bilatzeko.