GUREAN GAUR

Eusko Jaurlaritzak Euskararen Erabilera Biziberritzeko Biltzarra antolatuko du 2027rako

Eusko Jaurlaritzako lehendakari Imanol Pradalesek astelehen honetan iragarri du Eusko Jaurlaritzak “Euskararen Erabilera Biziberritzeko Biltzarra” antolatuko duela 2027an, “datozen hamarkadetan euskararen oinarrizko printzipio eta ardatzei buruzko adostasun zabala” lor dadin. 

Hainbat arlotako 270 lagun bildu dira Azkuna Zentroan egin den ekitaldian, eta lehendakariak gonbidapena egin die dinamikaren parte izan daitezen. 2027ko biltzarra, baina, bide berri baten amaiera izango da. Izan ere, ekitaldi hori lantzeko dinamika aurtengo irailean abiatuko dute, Jauzia gara lelopean. Hainbat dinamika, prozesu, ekimen, ikerketa eta eztabaidaren bitartez, "euskararen geroa" irudikatzea izango dute helburu. Azaldu du “begirada soziolinguistikotik helduko zaiola bideari, euskararen erronka nagusiek lotura estua dutelako erabilerarekin eta gizartean gertatzen diren aldaketekin”.