GUREAN GAUR

Gure Eskuko mobilizazioan burujabetza beharrezkoa dela argi geratu dela adierazi dute

Gure Eskuko kideek joan den larunbateko mobilizazioaren balorazioa egin dute, pozik eta eskertuta daudela jakinarazi dute. Josu Etxaburuk, Gure Eskuko bozeramaileak, adierazi du euskal jendarteak mobilizazioan borondate argi bat erakutsi zuela: urratsak egin nahi dituztela Euskal Herriaren burujabetza osoaren bidean, erabakitze aplikazioaren bitartez.

Burujabetza beharraren zenbait adibide eman dituzte, esaterako herritarren bizi baldintzak hobetzeko beharrezkoa dela, Euskal Herriak etorkizuneko erronka handiak dituela azaldu dute eta horien artean klima larrialdia, adimen artifiziala eta migrazioak azpimarratu dituzte. Euskara eta euskal kultura sustatu eta biziberritzeko ere burujabetza behar dela aditzera eman dute.

Gainera, jakinarazi dute, Euskal Herriko hiru esparru administratiboetan martxan direla jada autogobernua hobetzea helburu duten dinamikak, eta denak helburu bera dutela: estatus juridiko-politikoa eguneratzea.

Amaitzeko, indar politiko eta gainerako eragileei herri ikuspegiz eta anbizioz jokatzeko eskatu diete, eta erabakitze eskubidea gauzatzen hasteko garaia dela argi utzi dute.