GEURETIK SORTUAK

Geuretik Sortuak ekimenak euskarazko artea eta kultura bultzatzea du helburu

Gaur egungo euskarazko eskaintza kulturala osatzeko helburuarekin sortu zen Geuretik Sortuak proiektua, honetan, euskara hutsean egindako artea eta kulturaren sormena, ekoizpena eta hedapena sustatuko dituen zirkuitu nazionala eramaten da aurrera. Aurtengoa hirugarren edizioa da, eta aurreko biei esker zazpi lurraldeetako hainbat herritara iritsi dira 40 euskal sortzaile baino gehiagoren lanak.

2025 honetan, Geuretik Sortuak egitasmoaren baitan Oiartzunen izan dira Saioa Iribarren eta Ander Basaldua. Bertan, hilabete inguru igaro dute egonaldi artistikoa egiten eta euren proiektua aurrera eramaten. Oroituz du izena eta Oiartzungo helduen istorioak biltzen dituen liburuxka bat izango da. Azaldu dutenez, Oiartzungo herriari ez ezik baita Euskal Herri osoari interesatuko zaion proiektua izango da.

Goiz Eder Iturain idazlearen lanak ezagutzeko aukera ere izan dugu. 21 egunez egon da idazle zumaiarra Beran, Lesakan, Etxalarren eta Arantzan. Lau herri horietan dauden eraikinak oinarri hartuz obra literario bat sortu du.

Udalbiltzak aurrera eramaten duen kultur proiektua da Geuretik Sortuak, Euskal Herriko herri txikiak ikusarazteko. Udalbiltza Partzuergoak Euskal Herrian elkarlan instituzionala sustatzea du xede. Udalek eta lukro asmorik gabeko elkarte pribatuek osa dezakete partzuergo hau.