GUREAN GAUR

Eusko Jaurlaritzak zerbitzu minimoak ezarri ditu Gasteizko lorezainentzat

Audio_placeholder

Eusko Jaurlaritzak zerbitzu minimoak ezarri ditu Gasteizko lorezainentzat

Loading player...

Eusko Jaurlaritzak ezohiko gutxieneko zerbitzu minimoak ezarri ditu Gasteizko lorezainen greba dela eta. Duela 80 egun baino gehiago ekin zioten grebari, eta orain “berdegune batzuen eta zenbait hiri bideren egoera arriskutsuagatik” hartu du erabakia Jaurlaritzak. Zerbitzu minimoak finkatzeko orduan Gasteizko Trafiko eta Suhiltzailek egindako bi txostenak erabakigarriak izan dira. Udaleko Trafiko Zerbitzuak egindako txostenaren arabera, hiriko hainbat tokitan landarediak altuera handia du. Horrek seinaleen eta semaforoen ikusgarritasunean eragina du eta arrisku egoerak sortzen ditu. Txostenak ere ohartarazten du, landaredia oinezkoentzako bideak oztopatzen ari dela eta eremu ez seguruak sortzen.

Suhiltzaileen txostenak berriz, suteak egoteko arriskua dagoela dio. Azaldu dutenez, landaretza lehortzen denean oso erregai sukoia bihurtzen da eta horrenbestez sua azkar zabaltzeko arriskua dago. Beraz, aste honetan bertan hasi beharko dira Enviser enpresako lorezainak hiriko parke handienetako landareak mozten eta biltzen. Oinezkoen pasabide, babesgune eta biribilgunetako belardia ere moztuko dute, gidari zein oinezkoen segurtasuna bermatzeko. Era berean, denboraleen ondorioz jauzitako adarrak biltzeko agindua eman du Jaurlaritzak, baita zaborrak, gorotzak eta parkeetan dauden paperontziak husteko ere.

Gasteizko Udaleko alkateordeak, Beatriz Artolazabalek, adierazi du beharrezko neurria dela eta horri esker langileen greba eskubidearen eta herritarren ongizatearen arteko oreka bermatuko dela.

Lorezainek berriz, erabakiaren aurka agertu dira, oinarrizkoak ez direla esanez eta greban zehar pilatutako lan guztiak egitea nahi dutela salatu dute.