Gasteizko LEA enpresako fabrika berreraiki beharko dutela jakinarazi dute bertako arduradunek. Izan ere, ostiralean izandako suteak guztiz suntsitu ditu instalazioak eta ezinezkoa izango da ezer berreskuratzea. Hala ere, Félix Lascaray, LEAko kontseilari ordezkariak baikor adierazi du euren asmoa Gasteizen beste 200 urtez egotea dela eta beraz, gogor egingo dutela lan fabrikaren berreraikitzean.
Gaineratu du hornidura katea ez dagoela kaltetuta eta horrenbestez, bezeroak normaltasunez artatzeko arazorik ez dela egongo. Era berean, beharginen, suhiltzaileen, polizien eta bizilagunen lana eskertu du, eurei esker ez zelako kalte pertsonalik izan, nahiz eta sutea handia eta oso larria izan zen.
Oraindik ere, ikertzen ari dira zer izan zen sutea piztearen arrazoia, hala ere, emandako lehengo hipotesiaren arabera, LEAra produktu kimikoak garraiatzen zegoen kamioi batean piztu zen sua eta ondorioz, inguruko biltegietan leherketak eragin zituen.
Sutea pasa den ostiral eguerdian piztu zen, hiri osotik eta inguruetatik ere ikus zitekeen ke zutabe beltz batek larritu zituen bizilagunak. Nahiz eta jakinarazi duten momentu honetan osasunarentzat arriskurik ez dagoen, ostiralean udalak lantegitik hurbil zeuden bi auzoko, Abetxuko eta Arriaga, bizilagunak konfinatu zituen. Hala ere, ordu gutxiren buruan debekua kendu zuen.
Gasteizen kokatu dagoen LEA fabrika Euskal Herriko zaharrenetariko bat da. Zehazki, aurten 200 urte bete ditu hiriburuan. Bi motatako produktuak fabrikatzen dituzte bertan, batetik, bizarra mozteko xaflak eta desodoranteak, eta bestetik gantz azidoak eta garbigarriak egiteko erabiltzen diren produktuak.