GUREAN GAUR

ESK-k salatu du Arabako Aldundiak indarkeria matxistaren biktimei arreta gutxituko diela

Arabako Foru Aldundiak indarkeria matxistaren biktimei ematen dieten arreta murriztuko duela salatu du ESK sindikatuak. Azaldu dutenez, lantaldea murriztuko dute biktimentzako eta euren ardurapeko pertsonentzako egonaldi ertaina eskaintzen den zentroan. Murrizketa horrek, zazpi lanpostu kentzea eragingo du.

Aurrekontuan murrizketak egiteari egotzi dio sindikatuak lanpostuen desagerpen hori. Aitortu dutenez, Arabako Batzar Nagusiak adostutako baino %30 gutxiagoko aurrekontua bideratuko dute biktimak artatzeko zerbitzura. Honek guztiak, sindikatuaren hitzetan, zerbitzuaren ezegonkortasuna ekarriko du eta beraz, kalitatezko laguntza emateko gaitasunik eza.

Sindikatuak gainera, aldundiak azkenaldian adierazpen faltsuak eta manipulatuak egin dituela ohartarazi du. Lanpostua galduko duten langileak beste zerbitzu batean kokatuko dituztela adierazi du aldundiak, hain zuzen, berehalako arreta emateko zentro batean. Alabaina, Alea komunikabideak jaso duenez, sindikatuak adierazi du langile horien birkokatzeak berehalako zentroko beste zazpi langileen kaleratzea suposatuko duela.

Gauzak horrela, ESK-k Gorka Urtaran, Gizarte Politiketako diputatuari bilera bat eskatu zion ekainaren hasieran, baina, oraindik erantzunik ez dutelako jaso jakinarazi dute. Beraz, datorren asteazkenean, uztailak 2, murrizketak salatuko dituztela iragarri du sindikatuak, egun horretan, berez, Urtaranek jendaurrean emango baititu azalpenak.