Azken asteetan Euskal Autonomia Erkidegoko Enplegu Publikoaren Legea aldatzeko proposamenak jaso ditu Eusko Legebiltzarrak. Proposamenak euskal administrazio publikoan euskararen erabileraren ingurukoak dira.
Batetik, EH Bilduk, euskara enplegu publikorako sarbidean ezinbesteko baldintza izatea eskatu du. Horrek, alderdiak azaldu duenez, administrazioak egiten dituen deialdietan euskarak duen pisua handitzea eta hizkuntza eskakizunen aurkako oldarraldi judizialari aurre egitea suposatuko du. Bestetik, EAJk orain kontraproposamen bat egin du. Euskara eskakizunak eskatzeko derrigortasun indizea kentzea lantzen du proposamenak, eta beraz, erakunde bakoitzaren esku geratuko litzateke lan eskaintza publikoetan eskakizunak jartzea. Eurek bakarrik aurkeztu dute proposamena, ez baitute lortu PSErekin ados jartzea.
Sindikatuek ere euren iritziak eman dituzte jaso diren proposamen hauen inguruan. ELA sindikatuko idazkari nagusiak Mitxel Lakuntzak, Hamaika Telebistan izandako elkarrizketan adierazi du, bi hizkuntza ofizial daudenez biak maila berean egon behar direla. Beraz, EH Bilduren proposamena egokia iruditu zaiela argi utzi du Lakuntzak. LAB sindikatuak ere EH Bilduren proposamenaren alde egin du. Horrek, azaldu dutenez, orain arte administrazio publikoan dagoen perspektiba irauliko du eta administrazioa osoki euskalduna izango da, eta beraz, euskara eskakizunak lanpostu guztietarako beharrezkoak izango dira. Hala adierazi du Urko Aierbek, LAB sindikatuko euskara idazkariak.
Gauzak horrela, LAB eta ELA sindikatuek EH Bilduk landutako proposamenaren alde egingo dute, hala, bi sindikatuak bat datoz esatean EAJk aurkeztutako proposamenak gaztelaniaren nagusitasuna ekarriko duela.