30 urte bete dira Ertzaintzaren pilotakada batek Rosa Zarra hil zuenetik. Duela hilabete gutxi, Rosari, heriotza, Ertzaintzak eragin ziola frogatuta geratu da. Baina, horretarako, Rosaren familiak bizitza erdia eman behar izan du negazionismoaren, inpunitatearen eta kontakizun gezurti bat inposatzeko saiakeraren harresiaren aurkako borroka etengabean.
Donostian Rosa oroitzeko antolatu duten ekitaldian nabarmendu dute aitortza instituzionalerako eskubidea esparru indibidualetik kolektibora igaro behar dela. Eusko Jaurlaritzako lehendakariari eta barne sailburuari eskatu diote autokritika zintzoa egiteko, Ertzaintzak eragindako mina aitortzeko erantzukizunak onartzeko eta erreparatzeko borondatea agertzeko. Ertzaintzak eragindakoak bigarren mailako biktima gisa sailkatzen dituzten inertziak amaitzeko garaia dela adierazi dute.