Joxerramon Bengoetxea EHUko errektore lanetan dabil urtarrilaz geroztik eta Aktualitate Solasaldian izan da ikasturte honetan euskal unibertsitate publikoan izandako aldaketa eta berriei buruz hizketan. EHUren marka-irudi berriaz, hainbat irakaslerekin izandako gorabeherez, euskaraz eskaintzen diren ikasketa plazez eta finantzazioaz mintzatu da, besteak beste.
Markari dagokionez, honen "ikusgarritasuna" aztertu ostean erabaki dute EHU siglak soilik azaltzea bertan, horrek "indar gehiago duela" azalduta. Beraz, hemendik aurrera Txillidak diseinaturiko logoa, 'eman eta zabal zazu' leloa eta EHU siglak izango dira marka irudian, ekainaren 30 honetako arratsaldean ofizialki aurkeztuko duten horretan. Hala ere, irudi aldaketa bat soilik dela azpimarratu du; "ez dugu izena ezertarako aldatzen" eta unibertsitateak euskara eta gaztelerazko izendapena mantenduko du.