Sortuk udazkenera aurreratu du bere IV. Kongresua, hala erabaki dute alderdiko kideek asteburuan egindako Nazio Batzarrean. Bertan amaitu berri den ikasturtearen balantze politikoa egin eta datozen hilabeteetako erronka guztiak zehaztu dituzte. Era berean, hauteskunde ziklo luzearen osteko ikasturteaz gogoetatu dute, eta oro har, ikasturte oparoa izan dela ondorioztatu dute.
Nazio Batzar horretan bi ebazpen onartu dituzte Sortuko kideek. Batetik. Alderdiaren IV. Kongresua urtebete aurreratzea. Azaldu dutenez, askapen prozesuaren fase politiko berriak eskatzen duen eraginkortasuna bilatzeko hartu dute erabakia, beraz, udazkenean kongresu prozesua egin eta hurrengo urtearen hasiera aldera amaituko dute. Bestetik, Sozialismorako Euskal Bidea ebazpena onartu dute. Ikasturte honetan landu duten gogoetaren oinarria berretsi eta bertan zehaztutako norabide estrategikoaren arabera jardungo dutela jakinarazi dute.
Halaber, batzarrean solasaldirako eskaintza ere egon da, Iratzar Fundazioaren eskutik. Zehazki, alderdiak nazio ekitaldi bat egingo du irailaren 27an, Iruñeko Anaitasunan, Askatzera lotuak lelopean. Aurten 50 urte bete dira Txiki eta Otaegi fusilatu zituztela, baita Franco hil eta Juan Carlos Borboikoa haren oinordeko izendatu zutela. Urteurren horien harira, alderdiak adierazi du, ondo lotuta utzi zuten korapilo hura askatzeko momentua dela, Euskal Herriaren independentziara bidean.