Sidenor siderurgia enpresak jakinarazi du eten egin dituela Israelgo enpresekin dituen harreman komertzialak. Espainiako Gobernuak apirilean Israeli egindako salmenta kontratuak bertan behera uztea erabaki eta gero, Sidenorrek ere erabaki du herrialde horri altzairurik ez saltzea. Erabakia bera Boikota, Desinbertsioa eta Zigorrak taldeak eta ELA, LAB eta ESK sindikatuek presioa egin eta gero etorri da. Sidenorrek zehaztu du salmenten %0,5 baino gutxiago egin zizkiola iaz Israeli.
Kataluniako Komunitate Palestinarrak salaketa jarri du Auzitegi Nazionalean talde siderurgikoaren eta astelehenetik Bartzelonako portuan porturatuta dagoen ZIM Luanda itsasontziaren aurka. Prou Complicitat Amb Israel erakundearen arabera, ontzia Sidenorren egindako 40 altzairuzko barra kargatzeko iritsi da Bartzelonara, eta horiekin Israelgo Haifako portura eraman behar omen ditu, Israel Military Industries (IMI) arma-konpainia "hornitzeko".