GUREAN GAUR

Gasteiz eremu tentsionatu izendatzeko eskatu du Udalak

Gasteiz tentsio handiko eremu izendatzeko eskatu dio Udalak Eusko Jaurlaritzari. Behin eskaera egin ondoren, tramitazioak bere bidea hasiko du eta Eusko Jaurlaritzak eskaera aztertu beharko du. Horren ostean, prozedura hasteko agindua eman eta 20 eguneko alegazio tartea irekiko da. Eskaera onartuko balitz, indarrean sartuko litzateke datozen hiru urteetarako.


Hala ere, neurri horrek ez luke eragina izango udalerri osoan. Izan ere, landa eremuaren zati bat eskaeratik kanpo geratuko litzateke, baina, toki erakunde txikiak bai barne hartuko lituzkeela. Horien artean daude, Abetxuko, Aretxabaleta, Armentia, Betoñu, Ehari-Ali eta Gardelegi. Gauzak horrela, tentsio handiko eremuak biztanleriaren %97,92 bizi den eremua hartuko luke.


Hiri bat tentsio handiko eremu izendatzeko ezinbesteko baldintza, bertan bizi diren pertsonek euren diru sarreren %30 baino gehiago hipoteka edo alokairua ordaintzen gastatzea da. Gasteizen, %30,6 gastatzen da. Horretaz gain, hiriburuan alokairu zein salerosten diren etxebizitzen prezioek legeak ezartzen duen kopuruaren gainetik egin dute gora, beraz, Gasteizek baldintza guztiak betetzen ditu tentsio handiko eremua bihurtzeko.


Hiria hala izendatua izateko beharrezkoa da Arabako Foru Aldundiak Eustaten datuetan oinarrituta erreferentziazko prezioen indizea argitaratzea. Neurri horrek, lehen aldiz alokatzen diren etxebizitza edo azken 5 urteetan merkaturatu diren etxebizitzei eragingo die.