Iker Martin Bilboko Konpartsetako kidea izan da Aktualitate Solasaldian. Udaran sartu berritan, jai herrikoi ugari ospatzen diren garaia izanik, txosnen eta jai ereduaren inguruan aritu da hizketan.
Hala, maiatzean hainbat txosna eta jai batzordetako kideek egindako deialdia gogorarazi du, txosnak arriskuan egon zitezkeela ohartarazi zuena, eta herritarrei parte-hartze aktiboa izateko gonbita luzatu die. Gainera, ekainaren hasieran martxan jarritako sinadura bilketaz ere mintzatu da, txosnak Euskal Herriko ondare inmateriala izendatzeko eskatzen duena. Martinek bai txosnak eta bai jai herrikoiak "gure nortasun kolektiboaren" parte direla azpimarratu du eta "adin eta klase guztietako" kideek izan dituztela bizipenak testuinguru honetan. Sinadura bilketa urri amaiera, azaroa hasiera bitarte luzatuko dute eta espazio fisikoetan eta txosnak.eus atarian gauzatu ahal izango da.