Uztailaren 7an, 'Euskarari trufarik ez!' lelopean, agerraldi jendetsua egin dute Baionan hainbat eragilek. Seaska, AEK, Plazara, euskarazko hedabideak, hainbat euskaltzain eta euskalgintzako beste hainbat ordezkari bildu dira Pirinio Atlantikoetako Departamenduaren egoitzaren aurrean, euskararen aurkako jarrerak salatzeko. Euskalgintzak berriz ere galdera zuzena egin dio EEPri eta bere ordezkariei: Hizkuntza politikak ausardia eta baliabideak behar dituela azpimarratu dute, eta EEPren aurrekontua %65 handitzeko eskatu dute. Zehazki, EEPko kide bakoitzak (Frantziako Estatua, Euskal Hirigune Elkargoa, Akitania Berriko Eskualdea eta Departamendua) 650.000 euro gehiago jartzea eskatu dute. Hala ere, Euskal Konfederazioak salatu du EEPko kide guztiek ez dutela borondate politikorik bide hori hartzeko. Frantziar estatuak, esaterako, gehienez 100.000 euroko igoera iragarri zuen EEPren azken batzarrean, eta ez gehiago. Baionako agerraldian azpimarratu zutenez, departamenduaren azken jarrera “ukapen hutsa” izan da, eta horrek erakusten du ez dagoela euskararekiko konpromisorik.
EEPren bide-orri berriaren inguruan gertatu den atzerapausoa “porrot politiko” gisa definitu du Peio Jorajuriak, eta, ondorioz, dagokion ardura hartzea eskatu du Euskal Konfederazioak. Bereziki gogor hitz egin dute Maider Behotegiren ardunaz: EEPko buru izateaz gain, Pirinio Atlantikoetako Departamenduko ordezkaria ere badenez, haren ardurapean kokatu dute azken asteetako blokeoa. Baionako agerraldian adierazi dutenez, Behotegik ez du azalpen nahikorik eman, eta “Estatuaren jarrera lausotzen” aritu dela egotzi diote. Hori dela eta, Euskal Konfederazioak dimisioa eskatu dio argi eta garbi: “berak ordezkatzen duen departamendua jukutriaz aritu bada, dimititu beharko luke”.