GUREAN GAUR

Eusko Jaurlaritzak gazteei etxebizitzak erosteko aurkeztutako laguntza neurria kritikatu dute

Eusko Jaurlaritzak gazteei lehen etxebizitza erosten laguntzeko abal-lerro bat onartu duela iragarri du. 144 milioi euroko zuzkidura izango du eta 18 eta 39 urte bitartekoen hipoteka finantzaketa osatzeko asmoa du. Nerea Melgosa, Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren sailburuak adierazi duenez neurria udazkenerako martxan egotea espero dute eta, 3.000 etxebizitza inguru mobilizatu nahiko lituzkeela azaldu du.

EH Bilduk aurkeztutakoa kritikatu du, esanez, finantza erakundeei mesede egiten dien eta etxebizitzaren merkatu espekulatiboa elikatzen duen banku-politika baten aurrean gaudela eta neurri horrek irabaziak pribatizatu eta galerak sozializatu baino ez dituela egingo. Alderdiak azaldu du, Jaurlaritzak aurkeztu duen abal lerro horrek ez duela etxebizitzen prezioei eusten laguntzen, are gehiago, horiek garestitu egingo direla erosleen eskaria artifizialki handitzen delako.

EH Bildurekin bat egin du LAB sindikatuak eta Eusko Jaurlaritzari hura bertan behera uzteko eskatu dio. Neurriak, euren iritziz, enpresa eraikitzaile eta higiezin agentziei diru publikoa transferitzean oinarritzen da. LABek adierazi duenez 2015eko Etxebizitza Legea urratzen du eta beraz, dekretuaren aurka daudela salatzeko elkarretaratzea egin dute Sabin Etxean. Horretan, argi utzi nahi izan dute abal-lerroak erosketari emango diola lehentasuna, baliabide publikoak alokairu soziala edo etxebizitzaren birgaitzea bultzatzera bideratu beharrean.