GUREAN GAUR

Gasteizko lorezainek greban jarraituko dute Jaurlaritzaren eskaintza baztertu ostean

Gasteizko Udaleko lorezainek grebarekin jarraitzea erabaki dute, eta beraz, atzera bota dute Eusko Jaurlaritzak egindako proposamena. Langileen arabera, soldatei buruzko eskaintza ez da nahikoa.

Astelehenean bildu ziren azkenekoz eta orduan jaso zuten Lan Sailak Enviser enpresaren oniritziarekin egindako proposamenaren berri. Nahiz eta hasiera batean ELA sindikatuak baiezkoa eman zion eskainitakoari, azken momentuan ordezkaritza duten sindikatu guztiek, hau da, ELA, LAB eta ESKk akordioa lortu dute eta planteatutakoa atzera bota dute. Aurkeztutako proposamenak iazko KPIa ren %2,2ko igoera ematea aurten eta %2koa 2026an eta 2027an aurreikusten du. Bestalde, 2028an oinarrizko soldata urtean 2.250 euro igotzea. Urteko ordu kopuruari eta erretiro partzialei buruzko hobekuntzak ere barne hartzen ditu.

Gasteizko lorezainak greba mugagabean daude martxoaren 26tik, ehun egun hauetan zehar lan baldintzak hobeak eta hitzarmen propioa aldarrikatu dituzte. Gainera, langileek udalari leporatu diote Enviser enpresaren alde aritzea, euren arteko bitartekaritzarik ez duela egin eta horrek gatazka luzatu baino ez duela egiten. Gasteizko Udalaren eta langileen arteko harremana zailtzen ari da azkenaldian, horren adibide da San Joan bezperan langileek Beatriz Artolazabal zinegotziaren panpina erre izana. Horren aurrean euren gaitzespena onartu zuten udaleko PSE, EAJ eta Elkarrekin alderdiek.