GUREAN GAUR

Lasserrek Behotegi defendatu eta berretsi du ez duela EEPren aurrekontua igoko

Pirinio Atlantikoetako departamenduko presidente Lasserre “asaldatuta” azaldu da, Euskararen Erakunde Publikoak bizi duen krisiaren harira Euskal Konfederazioak uztailaren 7an egin zuen adierazpenarengatik. 'Euskarari trufarik ez!' lelopean egindako elkarretaratzearen ostean Peio Jorajuriak Euskararen Erakunde Publikoak (EEP) bizi duen krisiari buruz hitz egin zuen Euskal Konfederazioaren izenean. Euskal Konfederazioak dimisioa eskatu zion Maider Behotegi EEPko buru eta Pirinio Atlantikoetako Departamenduko ordezkariari. Argi eta garbi esan zion “berak ordezkatzen duen departamendua jukutriaz aritu bada, dimititu beharko duela.

Adierazpen horiekin haserre, "gizarte-bakearen kontrako jarrera suntsitzailea" zentsuratu du Lasserrek. Frantziako Estatuarekin azpi-jokoetan aritu izana gezurtatu ondoren, EEPri departamenduak egiten dion ekarpena izozteko erabakia defendatu du Lasserrek. Hala eta guztiz ere, defendatu du euskararen aldeko bere sostengua ez dela ahuldu, departamenduak hezkuntza alorrean hartutako konpromisoak atxiki dituelako. Gauzak horrela, Behotegiri egindako kritikak deusestatuz bere konfiantza eta estimu osoa berretsi dizkio. Eztabaida lasaitzeko deia egin du soluzio bideak bilatze aldera, baina argi utzi du euskarari egokitutako aurrekontuari dagokionez departamenduak hartuta erabakia irmoa dela.

Euskararen Erakunde Publikoa blokeo egoeran dago azken urtean. Euskalgintzako eragileek behin eta berriz eskatu izan diete EEP osatzen duten lau entitateei aurrekontuari egiten dioten ekarpena handitzeko. Zehazki, bakoitzak 650.000 euro gehiago eman beharko lituzke, euskararen biziraute planerako EEPk berak beharrezkotzat aurreikusi dituen 2,6 milioi euroetara iristeko. Euskal Konfederazioak salatu du EEPko kide guztiek ez dutela borondate politikorik bide hori hartzeko. Frantziar estatuak, esaterako, gehienez 100.000 euroko igoera iragarri zuen. Departamendtaren azken jarrera “ukapen hutsa” izan da, eta horrek erakusten du ez dagoela euskararekiko konpromisorik.