GUREAN GAUR

ESK sindikatuak Tubos Reunidosek aurkeztutako aldi baterako lan erregulazio berria salatu du

Amurrioko Tubos Reunidos enpresan aldi baterako enplegu-erregulazio berri bat nahitaez ezarri dela salatu egin du ESK sindikatuak. Gainera, 2022tik milioi askoko irabaziak lortu dituela jakinarazi du eta langileen langabezia prestazioen bidez finantzaketa publikoa jasotzea leporatu dio enpresari.

Datuak ere helarazi ditu ESKk, Tubos Reunidosek 2023an 56,6 milioi euroko irabaziak izan zituela adierazi du eta sindikatuaren iritziz, horrek, aukera eman dio buruzagien soldatak eta bestelako ordainsariak nabarmen handitzeko, aldi baterako enplegu-erregulazioekin langileen soldatak gutxitzen dituen bitartean.

Sindikatuak, ohar batez, argi utzi nahi izan du enplegu erregulazioa berri baten aurrean aurkitzen direla langileak eta ESKk irmoki errefusatzen duela. Azaldu dutenez, egoera prekarioan dauden enpresetako lanpostuak salbatzera soilik bideratuta egon beharko lukeen tresna baten beste abusu bat iruditzen zaie.

Bestalde, sindikatuak Tubos Reunidos Premiun Threads enpresaren Langraizko lantegia praktika txarrengatik zigortu dutela gogoratu du. Epaiak 2022an enpresak abiarazitako aldi baterako enplegu erregulazio bat baliogabetu du eta aldi berean, langileen greba eskubidearen urraketa emateagatik zigortu du.