GUREAN GAUR

Bigarren urtez jarraian ez da txosnarik egongo Lizarrako jaietan

Bigarren urtez jarraian ez da txosnarik egongo Lizarrako jaietan. Hala adierazi dute Lizarrako txosnen antolatzaileek komunikatu baten bitartez.

Iaz, UPNk txosnagunea autobus-geltokiko parkingean jartzea debekatu zuen eta gunea San Benitora mugiarazteko proposamena helarazi zien. Erabaki horren aurka azaldu ziren antolatzaileak, horrek txosnak dinamika sozialetik urrundu eta isolatuko zituela arrazoituz. Aurten, pasa den urtekoa berriro errepika ez zedin, martxoan aurkeztu zuten txosnak jartzeko eskaera, hala egin izan baita azken 28 urteetan. Hala ere, ekainaren amaiera arte ez zutela erantzunik jaso jakinarazi dute. Jaiekin lotutako hainbat kolektiboekin batera jai batzordera deituak izan ziren eta komunikatuan baieztatu dutenez, bilera horretan UPNk txosnak autobus geltokiaren parean debekatzeko jarrera mantentzen jarraitzen du.

Oharrean azaldu dutenez, irtenbide bat bilatzeko asmoz zenbait aukera planteatzen dira txosnak historikoki egin diren gunearen ordezko alternatiba bat topatzeko. San Benito, Lizarrako pilotalekuaren pareko aparkalekua, Santiago plaza eta Inmaculada aparkalekua dira planteatutako lekuak.

Egoera horren aurrean, antolatzaileek betiko tokia mantentzea erabakirik onena dela eta euren baldintzak okertzen dituen proposamenik ez dutela onartuko adierazi dute. 
Gauzak horrela, gogorarazi dute herritarren gehiengoak txosnak nahi dituela eta horrenbestez, txosnak berreskuratzeko lanean jarraituko dutela.