Hatortxu Rock jaialdia hasteko astebete falta denean elkarretaratzea egin dute antolatzaileek eta manifestu bat aurkeztu dute. Horretan, adierazi dute, Euskal Herriak bizi izan duen gatazka politikoaren ondorioak gainditzeko garaia dela, luzeegi geratzen ari dela konponbiderako bidea eta euskal preso politiko, iheslari eta deportatu guztiak etxean behar dituztela.
Manifestua 22 eragile eta elkartek sinatu dute, horien artean daude, Sare, Harrera, Etxerat, Nafarroako Torturatuen Sarea, EH Bildu, Bilgune Feminista eta Ernai beste batzuen artean. Era berean, elkarretaratzean uztailaren 27an, igandean, egingo den ekitaldi nazionalera deitu dute. Bertan, presoak etxeratzeko aldarria egingo dute.
Ildo horretan, nabarmendu dute, etxean nahi dituztela baina bizitza duina aurrera eramateko baldintza guztiak beteta, hau da, etxebizitza, lana eta osasuna. Beraz, etxerako aldarria ozen entzun dadila nahi dute antolatzaileek.
Musika eta elkartasun jaialdia Lakuntzan ospatuko da ostegunetik igandera. Aurtengoa azkena izango da eta sinatutako manifestuak berak adierazi du, borrokaz eta elkartasunez betetako 26 urte eta 30 aldi beteko dituela jaialdiak, baina, oraindik ere, leloan agertutako helburua lortzeko azken pausoa falta dela jakinarazi dute.