BSHko Ezkirozko langileen %78k lantegiaren itxieraren aurreakordioa onartu dute, nahiz eta ELA eta LAB sindikatuak horren aurka agertu diren. 666 langile ditu Ezkirozko lantegiak eta horietatik 478 izan dira alde bozkatu dutenak. Hala, baieztatu egin da lantegia itxi egingo dela eta 609 pertsonarentzako enplegu-erregulaziozko espedientea martxan jarriko dela, Nafarroan inoiz egin den handiena.
Aurreakordioak lan egindako urte bakoitzeko 45 eguneko kalte ordainak ezartzen ditu 55 urtetik beherakoentzat, hileko mugarik gabe eta 1.500 euroko ordainsari lineala lan egindako urte bakoitzeko. 55 urtetik gorakoentzat berriz, 140 pertsona ingururi eragingo dien aurretiko erretiroak hitzartu dira. Testuinguru horretan, enpresak hitz eman du lantegia urte amaiera arte irekita mantenduko duela, beti ere, hozkailu eta ontzi garbigailuen ekoizpena eskaeren %95era iristen bada.
ELAk bi ordezkari ditu enpresan eta LABek 3, hauek aurreakordioaren aurka agertu dira, azaldu dutenez, horrek lanpostuen suntsipena berresten du eta, gainera, gatazka honen aurrean enpresaren jarduteko modua kritikatu dute. Beraz, gauzak horrela, 2024ko abenduan hasitako mobilizazio prozesuari amaiera emango diote, orduan iragarri baitzuen enpresak Ezkirozko lantegia itxiko zuela.