Anas Al-Sharif kazetari palestinarra eta Al Jazeera telebista kateko lau kazetari hil ditu Israelek Gaza hirian, hedabideek erabiltzen zuten denda bat erasotuta. Anas Al-Sharif ezaguna zen Gazako setioaren berri ematen ari zelako bertatik bertara, eta hil aurretik ere bideo batean erakutsi du Israel nola ari zen, ostera ere, Gaza etenik gabe bonbardatzen. Agiri batean adierazi dute sei direla hil dituzten kazetariak: Anas Al-Sharifeta Mohamed Qraiqea, Al Jazeerako berriemaleak; Ibrahim Zaher eta Moamen Aliwa fotokazetariak; Mohamed Nofal fotokazetarien laguntzailea, eta Al Khalidi bera. Gazako Gobernuak eman du hilketa horien berri.
Erasoa "zehatza eta berariazkoa" izan dela ere adierazi du Al Jazeerak; hedabideari berari eraso egin nahi izan diotela, alegia. Hedabideak gogor gaitzetsi du kazetariak hil izana, eta gehitu du Israel kontrolpean hartzen ari dela zerrenda, eta setioa bertatik erakusten eta salatzen duten "ahotsak isilarazi" nahi dituela. Gazako Gobernuak ere salatu ditu hilketak, ohar baten bidez. Erasoa eta hilketak "selektibo eta sistematikotzat" jo ditu. Era berean, ekintza gaitzesteko deia egin die kazetarien federazioei eta bestelako nazioarteko erakunde eta epaitegiei.
Guztira, Al Jazeerako hamar langile hil dira Israelgo Armadaren esku 2023ko urrian Gazako Zerrendaren aurkako erasoa hasi zenetik. Israelek ez die nazioarteko kazetariei enklabean sartzen uzten eta informazio munduko 238 profesional hil dira ordutik Israelen erasoetan, modu selektiboan, Gazan gertatzen ari denaren berri eman ez dezaten. Profesional horiek genozidioa hasi zenetik sionistek eraildako 60.000 pertsona baino gehiagori gehitu behar zaizkie.
Palestinarekin Elkartasuna ekimenak abuztuaren 15ean, Bilboko Aste Nagusiaren atarian, Palestinan bizi den egoera salatzeko mobilizazioa antolatu du arratsaldeko 19:00etan Eliptika plazatik. Datorren asteetan, jaien kontestuan mobilizatzeko deia zabaldu dute, eta gogoratu dute urriaren 4an Iruñean manifestazio nazionala izango dela. Mobilizazioek hiru aldarri izango dituzte oinarri. Alde batetik, palestinarren erresistentziari "baldintzarik gabeko babesa" erakutsiko diote; bestetik, Palestinaren askatasuna lortzeko "Israel suntsitu" beharra dagoela defendatuko dute; azkenik, Israelekin "harreman guztiak" eteteko eskatuko dute. Hori guztia lortzeko, konpromisoa hartu dute "antolakuntza internazionalista sortzen eta zabaltzen jarraitzeko".