GUREAN GAUR

Bilboko Konpartsek elkarretaratzea egin dute berriro eraso sexisten kasu berriak salatzeko

Bilboko Konpartsek jakinarazi dute eraso sexistek gora egin dutela Aste Nagusian. Ostegun honetan jakitera eman dutenez, erasoak areagotu egin dira kopuruari eta intentsitateari dagokienez. Hori dela eta, ostegun arratsaldean Arriaga Plazan elkarretaratzea egin dute erasoak salatzeko eta erasotzaileak jai-eremura ongietorriak ez direla adierazteko.

Hainbat konpartsetako emakume, Francis Diez (pregoilaria), Olatz Agirre (aurtengo txupinera) eta aurreko urteetako txupinerak, "Erasoen gainetik Aste Nagusia defendatu" lelodun pankartarekin azaldu dira.

Adierazi dutenez, mota eta intentsitate desberdineko hainbat erasoren berri jaso dute. Horregatik erabaki zuten protokoloa berraktibatzea.

Era berean, joan den asteartean, Bilboko Konpartsek elkarretaratzea egin zuten Aste Nagusiko lehen egunetan izandako hainbat eraso arrazista salatzeko. Lehendabiziz eraso arrazisten aurkako protokoloa aktibatu zuten orduan. Asteazkenean berriro aktibatu zen Bilboko Konpartsek eraso matxisten aurka egindako protokoloa.

Bilboko Konpartsek adierazi dute beharrezkoa dela jendearen jarrera ona Aste Nagusiaz gozatzeko, giro osasungarria sortzeko eta erasotzaileak ongietorriak ez direla gogorarazteko.

Amaitzeko, udaltzainak kaleko saltzaileei gauzak konfiskatzen aritu ziren kasu berriak baieztatu dituzte. Ekintza hauek ez dutela inolaz ere pertsona horien arazoa konpontzen adierazi dute, instituzioei alternatiba duin bat eskatuz.