GUREAN GAUR

Eguraldi txarrak Global Sumud Flotilla Bartzelonara itzultzera behartu du

Igandean Bartzelonatik itsasoratutako Global Sumud Flotilla itzultzera behartua izan da, eguraldi txarra
dela eta. Itsaso zakarrak ez die itsasontziei aurrera egiten utzi eta, horrenbestez, Bartzelonako
kostaldera itzuli behar izan dute. Hala ere, antolatzaileek adierazi dutenez, eguraldiak laguntzen badu,
irailaren 4ean beste portu batzuetatik atera behar ziren itsasontziek Gazako bideari ekitea aurreikusten
dute.
Global Sumud Flotilla igandean itsasoratu zen Bartzelonako portutik eta hainbat euskal ordezkari han
egon ziren. Guztira, 30 itsasontzi atera ziren eta 15-20 egun bitartean Gazara heltzea zen euren asmoa.
Israel Gazan egiten ari den genozidioa salatzearekin batera, flotillak itsasoz blokeoa hautsi
eta laguntza humanitarioa bidaltzeko saiakera egin behar zuen.
Flotillan joango zirenei elkartasuna adierazteko dozenaka euskal herritar Bartzelonara hurbildu ziren
abuztuaren 31n. Bertan egon zen EH Bilduko legebiltzarkidea Amancay Villalba.