Laudioko Mugimendu Feministak jendaurrean eraso bat salatzerakoan “txistuak, mehatxuak eta irain sexistak” jaso dituela ohartarazi du. Azaldu dutenez, igande goizaldean txosnaguneko oholtzara igo ziren eraso matxista bat salatzeko asmoz, baina bertan zeudela, irainak eta errespetu faltak entzun behar izan zituzten DJen musika itzali eta eszenatokira igotzeagatik.
Gaineratu dute ez zirela soilik “nerabe desubikatu” batzuk izan, ezta beste herrialde batzuetatik etorritakoak bakarrik ere. Horren aurrean, gertatutakoa “herri osoaren aurkako eraso bat” izan zela adierazi dute, eta “gorroto-diskurtsoaren gorakadaren” testuinguruan kokatu dute.
Gauzak horrela, Laudioko Mugimendu Feministak argi utzi du horrelako erasoen aurrean “antolatzen eta borrokatzen” jarraituko dutela. Ziurtatu dute “bustitzeko eta zikintzeko unea heldu dela eta batez ere pasibotasuna alde batera uzteko momentua”.
Halaber, gogorarazi dute jaiak “guztiontzako espazio seguru eta feministak” izan behar direla eta horrenbestez, jai ereduaren gaineko hausnarketa abiatzea ezinbestekoa dela nabarmendu dute.