Hego Euskal Herriko pentsiodunek 2024ko irailean Legebiltzarrean aurkeztutako Herri Ekimen
Legegileari ezezkoa eman dio Eusko Jaurlaritzak. Azaldu duenez, proposamena ez da beharrezkoa,
pentsioak jasotzen dituztenentzako babesa dagoeneko txertatuta dagoelako. Euskal Autonomia
Erkidegoak diru sarrerak bermatzeko eredu propioa duela gogoratu du Jaurlaritzak, gutxieneko
errenta duinak bermatzen dituena eta pentsiodunentzako neurri espezifikoak jasotzen dituena.
Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak aurkeztutako ekinaldiak Lanbide Arteko Gutxieneko
Soldataren %100era iritsiko litzatekeen pentsioen osagarri bat sortzea planteatzen zuen. 2025eko
maiatzean pentsiodunek 145.142 sinadura aurkeztu zituzten Legebiltzarrean baina ez dira nahikoa izan
proposamena onartzeko.
Mugimenduak ohar batez salatu du Jaurlaritzak agerian utzi duela demokrazia eta justizia soziala
indartzeari buruzko diskurtsoak propaganda hutsa direla. Gaineratu du, aurkeztu zaien txostena
inolako zehaztasunik eta daturik gabeko txosten politikoa dela eta eurek ekinaldiarekin batera
aurkeztutako txostenarekin bat ez datorrela. Gauzak horrela, hilaren 8an antolatzen ari diren
mobilizazioen berri emango dutela iragarri dute.
Bestalde, EH Bilduk Jaurlaritzak emandako ezetza akats larria dela adierazi du. Hartutako erabaki
horrek ekinaldiari babesa eman dioten milaka herritar eta pentsionista mespretxatzen dituela jakinarazi
du alderdiak. Beraz, Mikel Torres sailburuari eta Eusko Jaurlaritzari erabakia berriz aztertu eta
hartutako jarrera horren inguruan hausnartzeko eskatu die.