GUREAN GAUR

Gazteek lekukoa hartu eta askatasunerantz bultzatzeko ordua dela aldarrikatu du Ernaik

Ehunka kide batu dira ostegun honetan Zarauzko malekoian Ernaik irailaren 14an Donostian egingo duen mobilizazio nazionalera dei egiteko. ‘Ekin eta bultza askatasunera’ leloa izango du mobilizazioak. Ernaiko kideek aldarrikatu dute “aurreko belaunaldiaren lekukoa hartu eta gazteek Euskal Herria askatasunera eramateko ordua” dela.

Agerraldian, Txiki eta Otaegi oroitu dituzte. Adierazi dutenez, irailaren 27an 50 urte beteko dira gazte independentistak fusilatu zituztela; euren hitzetan, “askatasunaren aldeko borroka eten eta hura deuseztatzeko” hil zituzten. Hala ere, Ernaiko kideek gogorarazi dute ez zutela lortu eta hamarkadaz hamarkada Euskal Herriaren independentziaren aldeko borrokak ez duela etenik izan.


Testuinguru horretan munduan zehar kaosa nagusi dela azaldu dute eta krisia, gerra, oldarraldi erreakzionarioa aipatu dituzte. Horiek guztiak sistema kapitalistaren azken hamarkadetako ereduaren agerpenean eta agertoki bortitzago baten hasieran kokatu dituzte.