EHUko ikasturte hasierako ekitaldi ofiziala izan da asteazken honetan Donostiako Ibaeta campusean. Bertara hurbildu da Imanol Pradales EAEko lehendakaria. Tentsio uneak bizi izan dira ekitaldiko sarreran, izan ere, Palestinaren aldeko protesta bat eta Eusko Jaurlaritzari unibertsitate publikoaren beharrezko finantzaketa eskatzeko beste bat egin dituzte. EHUko errektorea, Joxerramon Bengoetxea, giroa baretzen saiatu da eta protestek jarraitu egin dute.
Palestinaren aldeko mobilizazioa Ikasle Abertzaleak antolakundeak deitu du, ‘Palestinar erresistentzia aurrera!’ lelopean, eta bertan Eusko Jaurlaritzak eta EHUk Israelgo estatu terroristarekin duten "konplizitatea" salatu dute. Gazarako bidean den Global Sumud Flotillari erreferentzia egiten dioten pankartak ere erakutsi dituzte. Testuinguru horretan, EHUko errektoreak ekitaldiari hasiera eman dio minutu bateko isilunearekin, Palestinako herriari elkartasuna adierazteko.