GUREAN GAUR

Ixabel Alkain: "Alarderik gabeko konpainia umezurtza da Jaizkibel, emakumeak gaudelako"

Aurtengo Hondarribiko alardea pasa eta astebetera, Nora Ferreira Jaizkibel konpainia parekideko kapitaina eta Ixabel Alkain taldearen sortzaileetako bat eta beronen lehen kapitaina izan dira Aktualitate Solasaldian. Alardeak berdintasunerantz eman beharreko aurrerapausoez, orain arte eginiko ibilbideaz eta erakunde publikoen erantzukizunaz mintzatu dira, besteak beste.

Jaizkibel konpainia gisa irteten den 28. urtea dela gogorarazi du Alkainek. Nabarmendu du "sekulako" pausoak eman direla azken urteetan, baina "praktikotasunean", "benetan", alardetik "kanpo" daudela. Dio "alarderik gabeko konpainia umezurtza" dela Jaizkibel, "emakumeak barruan gaudelako" eta hori "oso larritzat" jo du Alkainek. Bestalde, Ferreirak salatu du egun alardea "bahituta" dagoela eta festa berriro herriarena bihurtu behar dela aldarrikatu du, egitura publikoen esku egon behar duela, alegia.