GUREAN GAUR

'Palestinak ezin du gehiago itxaron' mobilizazioak Bilbon, Gasteizen eta Iruñean

Euskal herritarrak kalera atera dira Palestinaren aldeko Ekintza Globalaren Egunari hauspoa emanez, Israelen genozidioa salatu eta nazioartearen premiazko erantzunak eskatzeko. Era berean, instituzioen "gelditasuna" salatu dute  protestetan, "Gobernuek ez badute egiten, guk egingo dugu. Isiltasuna ez da aukera bat" leloa oihukatuz, besteak beste. 

Eusko Jaurlaritzaren egoitzaren aurrean egindako elkarretaratze batekin hasi zen eguna Bilbon, eta jendetzaren aurrean txiki geratu zen Plaza Eliptikoan amaitu. Antolatzaileek okupazioak jarraitzen duen bitartean Israeli armak enbargatzea eskatu dute, baita harreman diplomatiko, komertzial zein kulturalak etetea ere. Halaber, Gazaren blokeoa amaitzea eta korridore humanitario seguru eta iraunkor bat berehala irekitzea eskatu dute.

Manifestariek blokeoa eteteko Gazara nabigatzen ari den 40 herrialde baino gehiagotako Global Sumud ontzidiari babesa agertu diote. Espainiako Gobernuari konplize izatea leporatu diote, Israeli armak erosten jarraitu eta berarekin harreman politiko eta komertzialak izaten jarraitzen dutelako.

Ekitaldia amaitzeko, babes ontzidia erasotuz gero berriro kalera ateratzeko mobilizazioei adi egoteko eskatu dute.