EH Bilduk Arabako Fiskaltzan salatu du ustez Raul Garciak Guardiako alkateak zenbait dokumentu faltsutu dituela. Ohartarazi dutenez, Garcia Arabako Errioxako Landa Garapenerako Elkartearen bileretara joan izan da udal ordezkari gisa, nahiz eta ez dagoen horretarako izendatuta. Koalizioak gaineratu du alkateak egindako zenbait jarduera legez kontrakoak izan daitezkeela.
Alderdiak aurkeztutako txostenaren arabera, 2024an hasi zen Garcia batzordean udalaren ordezkari gisa parte hartzen. Hala, elkarteko zerbitzu teknikoek ustezko irregulartasunaren berri eman zuten eta alkateak ordezkaria bera zela esaten zuen ziurtagiri bat aurkeztu zuen.
