Iker Arana: "Ertzainaren deklarazioa gezurrez beteta dago; epaileak ez sinestea espero dut"
Iker Arana, Ertzaintzaren pilotakada batek zauritutako herritarra, eta Aritz Pradera Justizia Aranarentzat plataformako bozeramailea izan dira platoan, Aranaren kasuari buruz hizketan. Apirilaren 3an, Bilboko Errekalde auzoko Etxarri gaztetxearen desalojoaren harira gauzaturiko Ertzaintzaren kargetako batek zauritu zuen Arana eta gertakarion ikerketaz eta prozesu judizialaz aritu dira hizketan, besteak beste.
Pasa den abenduaren 11an Arana zauritu zuen foam pilota jaurti zuen ertzainak deklaratu zuen auzitegian. Legez, poliziak esandakoari buruzko detailerik ez du zehaztu, "arazo batean sar" daitekeelako, prozesu judiziala dagoen momentua dela eta; baina deklarazioa "gezurrez beteta dagoela" baieztatu du Aranak eta epaileak "ez sinestea espero" duela eta, beraz, epaia aurrera joatea.
