Pasa den abenduaren 13an Gazarako Mugimendu Globalak protesta deitu zuen Bilboko Plaza Biribilean salatzeko CAF enpresa konplizea dela Israel Palestinan egiten ari den genozidioan. Bilboko tranbiaren trenbidean etzan ziren hainbat eta Ertzaintza gogor oldartu zitzaien. Ekintzaile bat atxilotu zuten eta egunean bertan Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak ohar bidez jakinarazi zuen lau ertzain zauritu zituztela. Orain baina, Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun sailburuak onartu du protestan ez zela agenterik zauritu. Jon Hernandez Sumarreko legebiltzarkidearen galderari erantzun dio Zupiriak. Sailburuak esan du ez dagoela informazio nahikorik esateko ertzainen bat zauritu zenik.