Ainhoa Lainsa Merino

La Cumbre jauregia, memoria historikoko zentro bihurtzeko bidean

Donostiako La Cumbre jauregia behin betiko atxikipenetik kentzeko eta memoria historikoko zentro bihurtzeko izapideak martxan dira dagoeneko. Hiriko Udalak asteazken honetan jakinarazi duenez, Espainiako Gobernuaren Ordezkaritzaren agindua jaso ondoren, eta Pedro Sanchez buru duen gobernuaren lurralde-, memoria- eta ogasun-organoen onespenarekin, prozedura ofizialari ekin diote.
1980ko hamarkadan, bertan giltzapetu eta torturatu zituzten Joxean Lasa eta Joxi Zabala, ondoren hil eta desagerrarazi zituzten bi gazteak. Hiru urte eta erdi igaro dira Espainiako Gobernuak jauregia Donostiako Udalari lagatzeko asmoa iragarri zuenetik. Orain, Udalaren arabera, “prozesuaren behin betiko fasea hasi da”.
Mertxe Aizpurua Madrilgo kongresuko EH Bilduko diputatuaren hitzetan, “La Cumbre jauregia donostiarrentzat berreskuratzea eta memoria gune bihurtzea, sinbolikoa izateaz gain, botere publikoek hamarkadetan isilarazitako errealitate gordina ikusarazteko aukera paregabea da”. Gainera, aurrerapauso honek “bertan gertatutako giza eskubideen urraketak ez ahazteko eta inoiz berriro ez errepikatzeko” balio dezan eskatu du.
Donostiako Udalak azaldu duenez, “justizia eta erreparazio irizpideetan oinarritutako memoria zentro bat” sortzea dute helburu. Gainera, nabarmendu dute urrats honekin “Memoria Historikoaren Legea betearazten” dutela, honek, Espainiako Gobernuak La Cumbre jauregia Donostiari lagatzeko konpromisoa jasotzen baitu.