Leire Llano eta Gaizka Leitza

Iruñerriko Mugimendu Feministak agerraldia egin du

Iruñerriko Mugimendu Feministako kideek Martxoaren 8ko manifestazioetarako deia egin dute astelehen honetan Iruñean. Iruñean 12:00etan Antoniutiitik aterako da; Baionan 11:00etan tren geltokitik; Donostian, 12:00etan Antiguako tuneletatik; Bilbon 12:00etan Jesusen Bihotzetik eta Gasteizen 12:30ean San Anton plazatik.
Nora Gonzalez eta Amaia Zubieta Iruñerriko Mugimendu Feministako kideek egin dituzte adierazpenak. Hasteko, pasa den otsailaren 20an Sarrigurenen eraildako emakumea eta larri zauritutako beste emakumea ekarri dituzte gogora; zauritutakoari “ahalik eta azkarren osatzeko indarra bidaltzen diogu. Ez zaituztegu bakarrik utziko!” esan du Gonzalezek.
Gonzalezek eta Zubietak keinua egin diete ere “munduko hamaika txokoetan erresistentzian eta borrokan dabiltzan feministei” hala nola Palestina, Venezuela, Sahara eta Kurdistan, besteak beste.
Azken urteetan Euskal Herriko Mugimendu Feministak martxan jarri dituen borrokak hainbat izan dira, hala nola “indarkeria matxistaren aurkako protokoloak, espazio seguruak sortzeko ahaleginak, zaintza sistema publiko eta komunitario baten aldeko Greba Feminista Orokorra, tokian tokiko problematikei aurre egiteko dinamikak…” baina plataformako kideek azpimarratu dute “urratsak ematen ari diren arren, oraindik asko dagoela egiteko”.
“Martxoaren 8an kalera aterako gara, feminismotik langile klasearen alde borrokatzera”, baina oroitarazi dute hau ez dela martxoan dagoen data nabarmen bakarra: martxoaren 17an sindikatuek deituriko greba orokorra dago; martxoaren 21an Arrazakeriaren Kontrako Eguna “zuriok asko dugu egiteko oraindik dugun boteretik desplazatzeko eta arrazakeriak suposatzen duen indarkeriarekin mozteko”; martxoak 30 Etxeko eta Zaintza Langileen Eguna; eta, azkenik, martxoaren 31an Trans Ikusgarritasunaren Eguna izango da.