Maiatzaren 10ean Senpereko lakuan ospatuko dute aurtengo Herri Urrats jaialdia. Astearte honetan, Baionan aurkeztu dute antolatzaileek 2026ko edizio Ipar Euskal Herriko Ikastolen festako egitaraua.
Rodriguezek azaldu duenez, “jendeak, urtero bezala, ez du aspertzeko paradarik izango”. Lapurdi gunea izango da jantoki eremu eta goizeko 09:00etan irekiko dute, gosari eskaintzarekin. Gipuzkoa gunea kantuari bideratutakoa izango da. Xiberoa gunean dantzak ikusteko aukera egongo da; Kukai Dantza taldea, adibidez. Eta Araba eta Nafarroa guneak kontzertu eremu izango dira eta Xiberoots, La Txama, Olaia Inziarte eta Anje Duhalde ikusteko aukera egongo da, besteak beste.
Edizio honetako etekinak Donapaleun 2027ko ikasturtean Seaskak irekiko duen Lizeo ikastola berrira bideratuko dituzte.