Bertan behera utzi dute Tubos Reunidoseko Amurrioko langileen greba orokorra. Hala erabaki du enpresaren Langileen batzordeak, izan ere, batzordeak berak azaldu du hartzekodunen konkurtso prozesuak borroka birplanteatzea dakarrela eta plantilla beste fase batean jartzen duela.
Horiek horrela, astelehenean itzuliko dira langileak lanera, ia ehun eguneko grebaren ondoren. Dena den erabakiak barne zatiketa eragin du plantillaren zati bat ez dagoelako ados, bozketarik ez delako egon.
Ildo horretatik, langileen batzordeko bozeramaileak defendatu du konkurtso prozesuak argi utzi duela hilabeteetan baieztatzen daramatena, alegia, enpresaren arazoa ez dela inoiz izan ez plantilla bera ez eta lan baldintzak ere, finantza, industria eta kudeaketa arazoa izan dela. Era berean, esan du enplegu erregulazioko espedienteak eta fabrikaren itxierak ez dutela arazoa konpontzen.
Greba mugagabea bertan behera utzi dute, beraz, datorren maiatzaren 26an sindikatuek, zuzendaritzak eta konkurtso-administrazioak epaitegian egingo duten bilerak zer emango duen esperoan. Eta bide batez, iragarri dute, 24 orduko lanuzteak egingo dituztela.