Pasa den asteburuan 44 urteko emakume bat hil zuten Nafarroako Arketas herrian. Gizonak emaztea erail zuen eta emakumearen izebak gorpua etxean aurkitzean gizonak komisaldegian eman zuen egindakoaren berri. Ez zegoen aurretik inolako salaketarik edo urruntze agindurik ezarrita. Hala ere, Nafarroako Foruzaingoa kasua ikertzen ari da.
Iruñerriko Mugimendu Feministak eta Itaiak “gogor” salatu dute gertatutakoa. Iruñerriko Mugimendu Feministak adierazi du matxismoarekin amaitzeko “urgentziazko neurri errealak” behar direla. Horregatik, erakunde eta instituzioei “irmotasun eta kontundentzia handiagoa” exijitu diete eta jendarte osoari dei egin diote “konplizitate oro apurtzera eta erantzukizuna hartzera”. Aldiz, Itaiako kideek nabarmendu dute lehen seihilekoa amaitu aurretik, eraildako emakume kopurua iazkoa halako bi dela ia-ia Euskal Herrian.
Hori dela eta, astearte honetan elkarretaratzeak deitu dituzte. Iruñerriko Mugimendu Feministak iluntzeko 20:00etan Iruñeko Udaletxe Plazan eta Itaiak, leku berean, arratsaldeko 19:30ean, baita Hego Euskal Herriko gainontzeko hiriburuetan ere. Gainera, Euskal Herriko Emakumeon* Mundu Martxak datozen egunetan Euskal Herriko herrietan kontzentrazio zaratasuak egiteko deia egin du.