Etxebizitza bat izatea gero eta zailagoa da. Alokairuen prezioek gora egiten dute, soldatek ez dute erritmo berean egiten aurrera eta gazte askok ezin dute emantzipatu. Horren aurrean, hamaika arrazoi daude azaroaren 11ko grebarekin bat egiteko. Etxebizitza eskubidea dela aldarrikatzen dute, ez negozioa. Espekulazioari mugak jartzea, inbertsio-funtsen jarduna kontrolatzea eta etxebizitza hutsak erabilgarri jartzea eskatzen dute. Maizterren babesa ere bada aldarrikapenen artean: alokairuen prezioak mugatzea, kontratu egonkorrak bermatzea eta inor ez etxegabetzea bizitzeko alternatibarik gabe. Etxebizitza publiko gehiago, gazteen emantzipaziorako aukera gehiago eta erakundeen inplikazioa ere galdegin dituzte. Izan ere, etxebizitzaren krisia ez da lau hormako kontua soilik. Bizi-baldintzak, lan-prekaritatea eta desberdintasun sozialak ere badaude jokoan. Horregatik, besteak beste, etxebizitza eta bizitza duina aldarrikatzeko egingo dute greba azaroaren 11n.