HAMAIKA

Iñigo Martinez: "Aurrekontu hauek legegintzaldi osorako norabidea markatzen dute"


Iñigo Martinez Elkarrekin Podemos-Ezker Anitza koalizioko legebiltzarkidea elkarrizketatu dugu Hamaika Telebistan. "Gure erronka nagusia zen aurrekontu hauek onartzea, legegintzaldi osorako norabidea markatzen dutelako. Gehiengo progresista eta aurrekoi hori bultzatu behar dugu", nabarmendu du.

Martinezek adierazi du EAJk aurrekontuak babestuko dituela: "Bestela galdetu beharko zaio zein den alternatiba". ERCreki dituzten harremanez galdetuta, nabarmendu du gehiengo progresista eratu daitekeela Katalunian, eta zentzu horretan, Espainiako aurrekontuek lagun dezaketela. 

"Zergatik da posible Madrilen eta Nafarroan aurrekontu akordioak egitea, eta Euskal Autonomia Erkidegoan ez?", galdetu du Martinezek. Era berean, nabarmendu du EAJ eskatzen ari zaiela ezagutzen ez duten aurrekontu proiektu bat babestea: "Guk eta EH Bilduk aurkeztutako proposamen guztiak deuseztatu dituzte, eta horrek ez du hizketarako prestutasunik erakusten". Bide horretan, nabarmendu du posturak "oso urrun" daudela: "Eusko Jaurlaritzak benetan gure babesa nahi badu, gu beti egongo gara aurrekontuei edo legeei hitz egiteko prest".

Lan-gatazkez galdetuta, zaharren egoitzetako langileen greba izan dute hizpide. Nabarmendu du zaintza sistema publiko komunitarioa babesten dutela, eta zentzu horretan, hori indartzeko mugimendu feministak egin duen lana nabarmendu du. Norabide horretan doazen urrats guztiak babesten dituztela nabarmendu du, baina lehentasuntzat jo du langileen lan baldintzak duintzea.

Era berean, Martinezek nabarmendu du enpresak babestu behar direla, baina horrek, baldintza batzuk behar dituela: "Ez da posible diru publikoa eman, eta horrek eraginik ez izatea". Izan ere, nabarmendu du 2008ko krisiaren ondorioz okertu egin zirela herritarren lan baldintzak, eta pandemiaren egoerak gazteen egoera ez ezik, familien egoera okertu egin dela: "Bizi proiektuak gauzatzea oso zaila da; langabezia adierazle bat da, baina beste asko daude: kontratuak, soldatak... Lan prekarietatik bizi prekarietatera igaro gara", nabarmendu du.

Saharako egoeraz galdetuta, gerra saihestu behar dela azpimarratu du, eta horretarajo, ezinbestekotzat jo du bake akordioa betetzea: "Bake akordioa betetzeak esan nahi du Saharak autodeterminazio eskubidea gauzatzea".

Elkarrizketa osorik ikus dezakezue www.hamaika.eus webgunean.