2020 ABEN. 01 - 13:49h Izaskun Ellakuriaga: "Durangoko Azokaz gain, arnasgune gehiago behar ditugu Euskal Herrian" Arakatzaile honek ez du bideo elementua onartzen. Hamaika admin Izaskun Ellakuriaga Gerediaga elkarteko kidea elkarrizketatu dugu Hamaika Telebistan. Ellakuriagak azpimarratu du inoizko ediziorik bereziena izango dela aurtengoa, egoerak horretara "behartu" dituelako. Nabarmendu du hilabete hauetan plan ugari egin eta desegin dituztela: "Guk postu gutxiago, baina stand-ak nahi genituen, baina erantzukizunez jokatu eta %100ean online izatea erabaki dugu". Banaketa Landakotik bertatik egingo dutela adierazi du Gerediaga elkarteko kideak; Landakon biltegi handi bat atondu dute, eta bertan izango dituzte liburuak eta diskak. Bertan egingo dituzte paketeak, eta bertatik banatuko dira erosleen etxeetara. Produktuak agortuz gero, argitaletxeen edo sortzaileen esku geldituko da produktu gehiago eramatea. Ellakuriagak nabarmendu du sortzaileen lana oso garrantzitsua izan zela pandemia garaian, eta orain, herritarren "esker ona" eta "babesa" behar dituztela, eta eurek egien duten horri jarraipena ematea. Horretarako bide bat Durangoko Azokan kontsumitzea dela adierazi du. "Arnasgune gehiago behar ditugu" Ellakuriagak nabarmendu du azoka eredu berri bat sortu dutela: "Hutsetik egin dugu; gauza asko ikasi ditugu bidean, eta seguru gauza asko ditugula hobetzekoak". Nabarmendu du ez dakitela herritarrek nola erantzungo duten, eta azoka eredu honek zer nolako erakargarritasuna izango duen: "Gutxienez 55. Durangoko azoka egin dugu 2020. urtean, eta hori da garrantzitsuena", azpimarratu du. Durangoko Azoka arnasgunea dela adierazi du, baina nabarmendu du nahiko lukeela Euskal Herrian eta urte osoan euskal kulturarentzat arnasgune gehiago sortzea: "Batzuetan badirudi Durangoko Azokak gaitz guztien sendabidea izan behar duela", adierazi du. Elkarrizketa osorik ikus dezakezue www.hamaika.eus webgunean.