2021 URT. 12 - 13:50h Ana Galarraga: "Ez dute azaltzen zergatik hartzen dituzten neurri batzuk, eta ez beste batzuk" Arakatzaile honek ez du bideo elementua onartzen. GUREAN GAUR Ana Galarraga zientzia komunikatzailea elkarrizketatu dugu Hamaika Telebistan. Covid19a izan du hizpide; hain zuzen, birusaren azken aldaerak. Nabarmendu du "oso normalak" direla mutazioak, eta epidemologoek adi egon behar dutela horrekin, mutazio horiek ondorioak izan ditzaketelako herritarrengan. Txertaketa kanpainaz ere aritu da Galarraga, eta adierazi du "harrigarria" dela egoera larri honetan txertoak jartzeko txandak ez antolatu izana, eta behar den pertsonala ez hartzea. Era berean, nabarmendu du orain arte ekoiztu diren txertoak eraginkorak direla orain arteko mutazioentzako. Hala ere, azpimarratu du oraindik ere denbora askoan mantendu beharko direla neurriak, txertoek ez dutelako transmisioa eteten, baizik eta infektatutako pertsonak sintoma larriak izatea saihesten dute. Txertoarekiko errezeloa izatea "ulergarria" dela adierazi du, baina nabarmendu du ez dutela espero ez zitekeen ezer eragin: "Informazioaren gardentasuna eta azkartasuna funtsezkoa izan dira; horregatik lortu dira txertoak hain azkar", azpimarratu du. Maskarillak izan ditu hizpide zientzia komunikatzaileak, eta adierazi du ikerketek erakutsi dutela oso eraginkorrak direla. Era berean, nabarmendu du oso garrantzitsua dela ahalik eta erosoenak izatea. Maskara gardenak ere izan ditu hizpide, eta galdera bota du: "Nola liteke funtzionatzen ez duten maskarak homologatuta egotea?". Zentzu horrean, adierazi du "akatsa" dela horiek saltzeko baimena izatea". Azkenik, egoera honek osasun mentalean izan duen eragina izan du hizpide, eta zalantzan jarri du ea hori behar bezainbeste ikertzen ari ote diren. Zentzu horretan, herritarren erruduntasuna bultzatzen duten mezuak saihestu behar direla azpimarratu du, estima sor dezaketelako. Elkarrizketa osorik ikus dezakezue www.hamaika.eus webgunean.