2021 OTS. 15 - 14:00h Ana Perez: "Hezkuntzaren Legea aldatzea alferrikakoa da baliabideak jartzen ez badira" Arakatzaile honek ez du bideo elementua onartzen. GUREAN GAUR Ana Perez Steilas sindikatuko kidea elkarrizketatu dugu Hamaika Telebistan. Pandemiak hezkuntzan izan duen eraginaz galdetuta, Perezek nabarmendu du ikastetxeetako langileen eta familien inplikazioa ezinbestekoa izan dela aurrez aurreko hezkuntzari eusteko. Zentzu horretan, Perezek adierazi du eskola "oso gutxi" itxi dituztela osorik, eta Judimendiko ikastetxeko egoeraz galdetuta, Perezek adierazi du baheketa orokor bat egiteko eskatu zutela, baina ez zela behar bezala egin. Txertaketa plana ere izan du hizpide, eta azpimarratu du txertaketa plan orokorra eskatzen dutela. Lortzen ez den bitartean, ordea, gutxienez kolektibo batzuk (garbitzaileak, jantokietako langileak...) lehentasunez txertatzea eskatzen dute. Sindikatuko kideak adierazi du baliabide gehigarriak ailegatu direla pandemiaren ondorioei aurre egiteko, baina ez direla nahikoak izan: "Langile asko beren poltsikotik ari dira maskarillak erosten". Era berean, ratioak ez direla aldatu dio, eta horrek zaildu egiten duela distantziak-eta mantentzea. Hala ere, azpimarratu du hori beren aldarrikapen historikoa dela: "Ikasle guztien hezkuntza eskubidea bermatzeko ezinbestekoa da ratioak jeixtea eta plantillak handitzea". Eusko Jaurlaritzaren aurrekontuak "eskasak" direla nabarmendu du, eta hezkuntza publikora zuzendutako partidak blindatuta egon beharko luketela dio. Era berean, Barne Produktu Gordina kontuan hartuta, hezkuntzara zuzendutako diru partida handitu egin beharko litzatekeela adierazi du. Segregazioa ere izan du hizpide, eta nabarmendu du hezkuntza osoa doakoa izan balitz, ez litzatekeela segregaziorik izango: "Zentroa aukeratzeko eskubidea maila sozio-ekonomiko altuko jendeak dauka", adierazi du. Era berean, adierazi du ikastetxe batzuk A eredua soilik eskaintzen dutela oraindik, eta hizkuntza ere sektore segregatzailea dela. Pentsioen borrokaz galdetuta, irakasle guztiek 60 urterekin jubilatu ahal izatea eskatzen dutela adierazi du. Era berean, Hezkuntza Legea aldatzea baino, betetzea garrantzitsuagoa dela dio: "Hezkuntzaren Legea aldatzea alferrikakoa da baliabideak jartzen ez badira", gehitu du. Elkarrizketa osorik ikus dezakezu www.hamaika.eus webgunean.