HAMAIKA

Nerea Kortajarena: "EH Bilduk Corrugados lantegia irekitzeko interes handia dauka"

Arakatzaile honek ez du bideo elementua onartzen.


Nerea Kortajarena EH Bilduko legebiltzarkidea elkarrizketatu dugu Hamaika Telebistan. Corrugados enpresaren inguruan piztu den polemika izan du hizpide, eta nabarmendu du gaiak hedabideetara "salto" egin duela, plan bat bera ere "mahain gainean" ez badago ere. Zentzu horretan, Arantxa Tapiari erakunden arteko "errespetua" eskatu dio, eta azaldu du "zurrunbilo mediatiko" honen helburua EH Bildu "higatzea" dela, "ez Corrugados irekitzea edo ixtea".

Europako funtsak ere izan ditu hizpide; nabarmendu du etorkizuneko Euskal Herriak "behar" dituen "proiektu estrategikoei" buruz EAJrekin hitz egiteko "saiakera" egin dutela, baina ez dutela lortu "inolaz ere".

Donostiako obraren proiektuaz galdetu diogu, eta azpimarratu du ez dela "inondik ere" beharrezkoa: "Proiektu honen atzerapenak, gainkostuak eta iluntasunak salatzen ditugu; diru xahuketa onartezina da". Zentzu horretan, Durangon egin den galdeketa tresna "ona" dela nabarmendu du: "Lau urtetan behin bozkatzeak ez du txeke zuri bat ematen nahi dena egiteko; herri galdeketak demokrazian sakontzeko oso tresna garrantzitsuak dira".

Atzo jakin zen 23 urteko gazte etxegabe bat hil zela Bilbon, eta zentzu horretan, etxerik gabeko pertsonei "erantzun publiko" bat ematea beharrezkotzat eta urgentetzat jo du. Irunen pilatzen ari diren migratzaileen egoera ere hizpide izan du, eta adierazi du "kezka handiarekin" bizi dutela egoera: "Baliabide egokiak, erantzun duinak eta beste aldera lasai pasatzeko aukera izan behar dute".

COVID19ak eragindak pandemiaz hitz egin dugu, eta nabarmendu du azken urteetako "erabaki politikoen ondorioak" ikusi direla hilabete hauetan. Era berean, txertaketa estrategia "erabat erratikoa" dela dio: "Oso mantso goaz".

Aurten, EH Bilduren X. urteurrena beteko da, eta koalizioaren erronka nagusiez galdetu diogu. Legebiltzarkideak nabarmendu du "elkarrizketa nazional" bat sortu behar dutela herritarrekin, zein "herri eredu" nahi duten hausnartzeko.

Eusko Jaurlaritzaren jarreraz ere hitz egin du, eta nabarmendu du "bere buruarekin eta bere gobernuarekin soilik" hitz egiten duen lehendakaria dela, eta Eusko Jaurlaritza "bere gehiengo absolutuan gotortuta eta harrotuta" dagoela.

Azkenik, azaldu du Euskal Herria Batera ekimenak apirilaren 4rako deitutako ekimenetan parte hartuko duela: "Espero dugu aldarrikapenerako eguna izatea, elkar zainduz".

Elkarrizketa osorik www.hamaika.eus webgunean.