HAMAIKA

Olatz Salvador: "Jendeak oso bero hartu gaitu, baina egoera hau gogorra da batzuetan"

Arakatzaile honek ez du bideo elementua onartzen.


Olatz Salvador abeslari eta musikaria elkarrizketatu dugu Hamaika Telebistan. Salvadorrek 'Aho uhal' diskoa kaleratu zuen urtarrilean, eta jendeak "oso bero" hartu dituela esan digu. Hala ere, "halabeharrez" egoera honetara egokitu behar izan duela dio, eta hori "gogorra" izan dela dio.

Skakeitan taldeko kidea izateaz gain, bakarkako ibilbideari ekin zion Salvadorrek; adierazi du bere "ezinegonek" eta guza berriak sortzeko "grinak" elikatu zutela bide hori. Bide horretan, esan digu bere formakuntza ez dela "oso zurruna" izan, eta momentuan "eskatutakoa" egin duela: "Bizitza osorako formakuntza da nirea".

Musikarien, eta, oro har, artisten egoeraz galdetu diogu, eta esan digu jende askori ez zaiola okurritu ere egiten "lan hau ogibide" izan daitekeenik; horrek artistengan "panorama arriskutsua" eragiten duela nabarmendu du, "edozein momentutan" behartuta egon daitezkeelako bere musika ibilbidea amaitutzat ematera. Zentzu horretan, artisten estatutua sortzeko lanean jarraituko dutela dio. Izan ere, nabarmendu du bere diru-iturririk nagusiena zuzenekoak direla, eta gaur egun, militantzia dela diskoak erostea.

Bere musika ibilbidean, oso erreferentzia anitzak izan dituela dio; nazioartera begira, Bruno Mars oso gogoko du, eta Euskal Herrira etorrita, Anari, Kerobia edota Berri Txarrak aipatu ditu. Kontzertuei buruz ere galdetu diogu, eta esan digu kontzertuetan "zerbait egiazkoa" gertatzen dela, entzulearen eta emailearen arteko "konexioa". Berarentzat hori da politena.

'Aho uhal' diskoan sentimendu ugari agertzen dira, eta horregatik, disko "iluntzat" du Salvadorrek; hala ere, ingurukoek esan diote "argitasuna" ere badagoela: "Askotan norberak bakarrik daki zein zaila den diskoa egiteko prozesua, eta, agian horregatik iruditzen zait dena baino ilunagoa", zehaztu du.

Rozalenen kolaborazioa izan du hizpide Salvadorrek, eta artista espainiarraren "eskuzabaltasuna" azpimarratu du: "Berarentzat oso berezia zen euskaraz kantatzea; nere borondateari esker egin genuen, eta oso eskertuta gaude".

Olatzek euskaraz kantatzeko hautua egin du, eta nabarmendu du "betebeharragatik baino gehiago, euskararekiko maitasunagatik" egiten duela hori. Bere iritziz, "luxua" da euskaraz jakitea, eta hori da hizkuntzari "zor" diona.

Emakumeek musikagintzan duten egoerari dagokionez, nabarmendu du oraindik ere "lan handia" dagoela egiteko; hala ere, azpimarratu du gero eta kontzientzia "handiagoa" dagoela.

Elkarrizketa osorik ikus dezakezu www.hamaika.eus webgunean.