2021 API. 06 - 14:53h Ana Galarraga: "Etsipenez ikusten ditut datuak" Arakatzaile honek ez du bideo elementua onartzen. GUREAN GAUR Ana Galarraga zientzia komunikatzailea elkarrizketatu dugu Hamaika Telebistan. Azken egunetako joera izan dugu hizpide Galarragarekin, eta datuak eta irizpideak berrikustearen beharra azpimarratu du: "Momentu batean hartutako neurriak berrikusten joatea garrantzitsua da, eta hori ez da egin". Galarragak adierazi du "etsipenez" ikusten dituela datu hauek, eta agintarien komunikazio irizpideak aldatu behar direla nabarmendu du: "Komunikazioa ez da pedagogiaren aldekoa izan, agintzearena baizik". Errege Kopako finalaren atarian izan diren jokabideak izan du hizpide, eta klubak ez direla "eredu" izan nabarmendu du: "Realak eta Athletic-ek eredu izan, eta bestelako jokabideak bultzatzeko aukera zuten, baina aukera galdu dute". Era berean, agintariek irizpideak berikusi behar dituztela nabarmendu du. Hain zuzen, adibide bat aipatzearren, kutsaketak saihesteko hasieran jarritako argibideak ez direla berrikusi nabarmendu du: "Esaterako, ikusi da objektuak konpartitzea ez dela horren kutsagarria, eta neurri horiek mantentzen jarraitzen dugu. Kontrara, ez da lurralde itxietan aireztapena kontrolatzeko neurririk hartu". Txertaketa kanpaina izan du hizpide Galarragak, eta nabarmendu du dosi guztiak iritsi ahala ematea komeni dela, ahlik eta jende gehien babestuta egon dadin: "Txertoek funtzionatzen dutela erakutsi dute, baina pazientzia handia beharko dugu ahalik eta biztanle gehien txertatuta egon arte". Izan ere, mundu guztia txertatzea ezinbestekotzat jo du zientzialariak; bestela, birusak aldaera berriak sor ditzakeelako, eta horrek eraginak izan ditzakeelako txertoetan. Elkarrizketa osorik ikus dezakezu www.hamaika.eus webgunean.