2021 MAI. 12 - 14:09h Gorka Urtaran: "Joera beheranzkoa da, baina zuhurtziaz jokatu behar dugu oraindik" Arakatzaile honek ez du bideo elementua onartzen. GUREAN GAUR Gorka Urtaran Gasteizko alkatea elkarrizketatu dugu Hamaika Telebistan. COVID19ak eragindako pandemiaz hitz egin dugu Gasteizko alkatearekin, eta nabarmendu du joera beheranzkoa bada ere, tentuz eta zuhurtziaz jokatu behar dela oraindik. Ez du ulertzen alarma egoera bertan behera utzi izana; izan ere, txertaketa kanpainaren erritmoa ikusita, zentzuzkoagoa iruditzen zaio alarma egoera beste 4-6 astez luzatzea. Txertaketa kanpainaren erritmoa handia izan dadin, ordea, txertoak ailegatzea ezinbestekoa dela azpimarratu du. Urtaranen esanetan, eonomia berpizteko eta eraldatzeko oso garrantzitsua da tokiko erakundeen rola, eta zentzu horretan, azpimarratu du Europatik datozen funtsak Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako udalerri guztietara iritsi behar direla. Hori horrela, adierazi du EUDELen helburua dela udalerri txikien ahotsa kontuan hartzea, beren beharrak ere entzunak izan daitezen. Ekonomiaren alorrari dagokionez, nabarmendu du Gasteizen lortu dutela hiri berdearen eta industriaren alorraren arteko oreka, eta nabarmendu du Gasteizek ezaugarri guztiak betetzen dituela jasangarritasunean aitzindariak izateko, eta zerbitzu publikoen kalitatea mantentzeko. Zentzu horretan, azpimarratu du azken 2-3 urtetan alokairu programak sustatu dituztela, eta baliabideak jarri dituztela etxebizitza ez duten familiei alternatiba eskaintzeko. Euskararen egoeraz ere mintzatu gara, eta nabarmendu du gero eta euskara gehiago entzuten dela Gasteizko kaleetan: "Oso garapen positiboa izan da". AHTaren obrak izan ditugu hizpide, eta adierazi du aste honetan bertan izan dutela bilera Espainiako Gobernuarekin. Gasteizko AHTaren proiektuaren erredakzioa lizitatuko du Espainiako Gobernuak, baina azpimarratu du epeez ez dietela ezer esan. "Hiri berdea" eta AHTa ostagarriak direla dio Urtaranek: "AHTa martxan jartzen baldin badugu, gure hiri eta udalerrietatik milioika kamioi kenduko ditugu", zehaztu du. Hainbat enpresetako lan gatazkak izan ditu hizpide, eta nabarmendu du batzuetan "hobe" dela akordio bat lortzea "nahiz eta onena ez izan". Zentzu horretan, enpresariek zein sindikatuek adostasuna bilatzeko ahalegina egin behar dutela dio. Foronda aireportuaz hitz egin dugu, eta nabarmendu du etorkizunean Araba, Bizkaia eta Giupzkoako aireportua izango dela Foronda: "Gero eta paper garrantzitsuagoa betetzen ari da". Elkarrizketa osorik ikus dezakezu www.hamaika.eus webgunean.